Hika praktikatzeko hikafari-meriendak eta "txuleta" Soraluzen
2026-11-16 ¦ hika
Soraluzeko Pil-pilean euskara elkarteak, hikako adizki erabilienak jasotzen dituen "txuleta" prestatu du Badiharduguren laguntzarekin. Bi hikafari-merienda ere antolatu dituzte, herritarrei hika praktikatzeko aukera emateko.
Azaro hasieran bi hikafari-merienda egin dituzte Soraluzen, herriko hitanoa biziberritu asmoz. Pil-pilean euskara elkarteak antolatu ditu, eta bertaratu diren herritarrek elkarrekin hika (noka zein toka) jarduteko aukera izan dute.
Ariketa horretan laguntzeko, "hika-txuleta" ere prestatu du Pil-pileanek, Badihardugu euskara elkartearen laguntzarekin. "Txuleta"k egunerokoan erabiltzen diren 30 adizki erabilienak batzen ditu. Oñatiko Ingo xonau! proiekturako sortu zen egunerokoan hika erabiltzen laguntzeko helburua duen eredua, eta ordutik beste hainbat herritarako ere prestatu da. Aurten, besteak beste, Zumaiarako ere moldatu du Badiharduguk adizki erabilienak batzen dituen orritxoa, Zumaiako Udalaren eskariz, eta euskara batukoa ere kaleratuko da, ZirHika taldearen ekimenez, Durangoko azokarako.
Ikusi Soraluzeko hikafari-merienden eta txuletaren inguruko albistea Barrena.eus-en.



