« Itzuli albistegira

Zer egin Oņatin noka modan jartzeko? Ezagutu herritarrek diotena!

2020-10-15  ¦  badihardugu

Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oņatiko noka biziberritzea da. Hori nola lortu daitekeen azaltzen dute elkarrizketatu ditugun hainbat herritarrek, prestatu dugun bideo honetan.

Noka gainbehera joan da azken hamarkadetan, toki guztietan. Apurka-apurka indarra galtzen. Ez zen emakume finentzat. Transmisioa eten egin zen. Hori bai, orain badirudi badagoela nokaren aldeko haize bat. Ikuspegia aldatzen ari dela. Jada ez dela lotsarazteko arrazoia. Justu kontrakoa: nortasun-marka izan daitekeela. Oņatin hainbat herritar elkarrizketatu genituen Ingo xonau! proiekturako, eta noka modan jartzeko zer egingo luketen galdetu genien. Haien erantzunekin ikus-entzunezko hauxe gertatu dugu. Ea noka biziberritzen hasteko balio duen!

Oņatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, Oņatiko hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz: Ingo xonau! 54 herritar elkarrizketatu ostean, grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak-eko lotura honetan ikus ditzakezue.

Herritarren ideiak aintzat hartuta, otsailaren erdialdean Hikalaguna ipini zuten martxan Oņatin. 60 bat lagun animatu ziren, eta hainbat taldetxo sortu, astean behin elkartu eta hika jarduteko. Konfinamenduarekin, Hikalaguna ere bertan behera geratu zen, hitzorduak Oņatiko tabernetan izaten zirelako. Hori bai, uztailean hika-merienda egin zuten, eta irailetik aurrera Hikalaguna berriro martxan dago. Animatu parte hartzera!

Aurten hikako lehenengo ikastaroa ere antolatuko dugu, azaroaren erdialdetik aurrera, Jabetze Eskolan. Emakumeentzat izango da, behar handiena beraiek dutelako; ondoren, ikastaro mixtoak antolatzeko asmoa ere badago.

Oņatiko hikako aditzekin poltsikoko liburuxka ere argitaratuko dugu, azaroan. Inprentarako bidean dago. Ez dadin egon hika ez ikasteko aitzakiarik.

Jasotako testigantzekin beste hiru ikus-entzunezko ere prestatu genituen, aurretik. Galeraren arrazoiei buruzko ikus-entzunezkoa gertatu genuen iaz (ikus abenduko aurkezpenaren albistea Ahotsak-en) eta, aurten beste bi bideo plazaratu ditugu (hika norekin egin eta noka berreskuratu dutenen esperientziak).

Argazkian: iazko abenduan proiektuaren aurkezpenera animatu ziren Oinatiko emakume hikadunak. Argazkilaria: Itziar Bastarrika