« Itzuli albistegira

Mutrikuko Saturraran Elkarteak Gerra Zibileko memoria jasotzen dihardu

2021-09-22  ¦  mutriku

Mutrikun sortu berri den Saturraran Elkarteak Gerra Zibileko memoria jasotzea du helburu. Euren lanaren berri emango dute gaur, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Zabiel Kultur Elkartean. Orain arte batutako testigantzak Ahotsak.eus-en daude katalogatuta.

Gaur, asteazkena, arratsaldeko 18:00etan emango zaie hasiera aurtengo Mutrikuko Historia Jardunaldiei, Zabiel Kultur Elkartean prestatu duten Saturraran erakusketarekin. Bertan Mutriku inguruko landa-eremuetan aurkitutako Gerra Zibileko material ezberdina ikusi ahal izango da: balak, obusak, bala-zorroak... 19:00etan Saturraran Elkarteko kideek hitzaldia eskainiko dute.

Duela gutxi sortu da Saturraran Elkartea, baina urte luzez lanean dihardute Mutrikun memoria historikoa jaso eta bistaratu nahian. Arantza Ugartek, esaterako, urteak daramatza Saturrarango kartzelan egondakoen bizipenak jasotzen eta gerra sasoiko testigantzak batzen. Orain, Nerea Arrizabalaga, Agurtzane Urriolabeitia eta Roberto Sotorekin batera Saturraran Elkartea sortu du lehen jasotakoa zabaltzeko eta lekukotasun berriak batzeko. Gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera Zabiel Kultur Elkartean eskainiko duten hitzaldian hainbat testigantza entzuteko aukera izango da. Horrez gain, gerra zibilaren arrastoak jarraituta prestatu duten ibilbidea ere aurkeztuko dute.

Bertan adierazten den moduan, nahi duenak gerrako ibilbide hori egiteko aukera izango du urriaren 2an, goizeko 9:00etan Komentutik irtenda.

Saturraran Elkartearen eta Badiharduguren arteko lankidetzari esker, orain arte bildu dituzten lekukotasun guztiak Ahotsak.eus-en daude katalogatuta, Mutrikuko gerra zibilaren memoria proiektuan. Horrez gain, Mutrikuko gerrako ibilbidea Gerrako Ahotsak webgunean zintzilikatuko da, ahozko testigantzekin osatuta.