« Itzuli albistegira

Enkarni Genua, 50 urtez txotxongilo euskaldunei bizia ematen

2021-10-07  ¦  ahotsak

Enkarni Genua idazlea eta txotxongilolaria elkarrizketatu dugu Donostiako Ahotsak proiekturako. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, Donostiako euskararen historia ezagutzeko.

Enkarni Genua Espinosa (Donostia, 1942). Txiki-txikitatik gustatu izan zaio eskenatoki gainean egotea, ez omen du ezagutu “lotsa edukitzea zer den”. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Izan ere, Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk.

Elkarrizketako bideo-pasarte guztiak, 30etik gora, hemen aurkituko dituzue.

San Bartolome kalean jaioa, bi ahizpatan gazteena. Ama Burgosko probintziako herri txiki batekoa zuen, 15 urterekin Añorgara neskame etorria. Aita, berriz, donostiarra.

Mirakontxan ibili zen eskolan Enkarni, moja ikastetxean. Hantxe hasi zen antzerkia egiten, eta gaztetxotan Antigona eta TEU antzerki-taldeetan ibili zen. Halaxe ezagutu zuen Manolo Gomez, bere senarra eta lankidea izango zena. 60ko hamarkadaren bukaeran umeak ikastolara eramatea erabaki zuten, eta euskara ikasten hasi ziren biak. Euskaltzale bihurtu ziren, eta haurrei euskarazko lanak eskaintzen: txotxongilo ikuskizunak.

1971n Txotxongillo taldea sortu zuten, eta ordutik etenik gabeko ibilbidea egin dute. Tolosako Titirijai jaialdiaren eta TOPIC zentroaren sorreran zein garapenean parte hartu zuen. Haurrentzat liburuak ere idatzi ditu Enkarnik. Hainbat sari jaso ditu.

San Telmo museoan egin genion elkarrizketa, Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalarekin elkarlanean, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen hasi gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki.

Hona hemen Donostiako Udalak ateratako albistea.