« Itzuli albistegira

Noka ikastaroa eta Hika bertso-paper lehiaketa aurkeztu dituzte Azkoitian

2022-05-03  ¦  hitanoa

Azkoitiko Udalak eta Hike eizan! Azkoitiko hitanoa biziberritzeko asmoz sortutako proiektuko kideek Noka ikastaroa eta HIKA bertso-paper lehiaketa aurkeztu zituzten ostiralean, Azkoitiko udaletxean eskainitako prentsaurrekoan.

Hikaren bilakaera ikusita -batetik, nokaren gainbehera eta, bestetik, tokaren trakestea-, eta zenbait herritarren kezkari erantzuna eman nahian, Azkoitiko Udalak hika indartzeko Hike eizan! proiektua jarri zuen martxan 2020an. 2021ean, proiektuari izena eta irudia jartzeko logotipo lehiaketa egin ostean, hika bertso-saioa eta mahaingurua egin ziren ekainean. Abenduan, euskararen egunaren bueltan, urtean zehar hika eta hikaren inguruko kontuak jasotzeko Badihardugu Elkarteak herrian egindako elkarrizketen emaitza aurkeztu zen, Azkoitiko hikaren inguruko bideo laburra.

Ostiralean, Azkoitiko Udalak eta Hike eizan! taldeko kideek hika bultzatzeko beste bi ekimen aurkeztu zituzten: Noka ikastaroa eta Hika bertso-paper lehiaketa. Azkoitiko Berdintasun sailak antolatutako ikastaroen artean kokatzen da Noka ikastaroa eta Xabier Eizagirre azkoitiarrak emango du maiatzaren 5etik ekainaren 9ra bitartean, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara.

Hika bertso-paper lehiaketa ere abian da dagoeneko eta maiatzaren 31ra arteko epea dago aurkezteko. Gazteen kategorian 250 €-koa izango da lehen saria eta helduen kategorian, berriz, 500 €-koa. Azkoitiarrek aurkeztutako bertsorik onenentzat ere sariak egongo dira. Lehiaketaren oinarriak, Azkoitiko Udalaren web orrian daude eskuragarri.

Argazkian: Xabier Eizagirre, Hike eizan! proiektuaren bultzatzailea eta noka ikastaroaren arduraduna, Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra, Mari Jose Arregi Azkoitiko Udaleko Euskara zinegotzia eta Jasone Bilbao teknikaria. (Azkoitiko Udalaren web orritik hartua)