« Itzuli albistegira

'Bertakotzen': Urretxu-Zumarragan etorkinek euskarara hurbiltzeko egin duten ahalegina eskertzeko proiektua

2022-10-13  ¦  101-L

Bertakotzen proiektua aurkeztu zuten atzo Urretxu-Zumarragan: Badihardugu elkarteak herriko 17 pertsona elkarrizketatu ditu, herrira bizitzera etorri eta, oztopoak oztopo, integraziorako euskara erabili dutenak. Haien testigantzekin sortutako bi ikus-entzunezkoak erakutsi zituzten atzoko eskertza-ekitaldian. Elkarrizketa guztiak landuta eta ikusgai daude.

Zelai Arizti aretoan izan zen aurkezpena, atzo arratsaldean, Urretxu-Zumarragako udalek antolatuta. "Bertakotzen" proiekturako sortutako bi ikus-entzunezkoak erakutsi zituzten. Aretoko besaulkietan, bideoetan agertu ziren herritarrak zeuden: euskarari balioa emanda herrian integratzen asmatu duten familiak, hain zuzen ere. Gorka Hermosa akordeoi jotzailea da elkarrizketatuetako bat, eta berak ireki zuen ekitaldia, akordeoi pieza eder bat jota.

Hona hemen bi ikus-entzunezkoak:

Hogei minutuko bi bideoak erakusteaz gainera, Antoni Prada Zumarragako artxibozainari eta Muhammad Umair "Omar" pakistandarrari elkarrizketa labur bana egin zieten, oholtza gainean. Atzoko ekitaldia Maialen Fidalgo Urretxuko euskara batzordeburuak, Nerea Errasti Zumarragako euskara batzordeburuak eta Aitor Lizarazu Zumarragako euskara teknikariak gidatu zuten. Argazkian, bi udaletako ordezkariak (zinegotzi eta teknikariez gainera, Jon Luqui Urretxuko alkatea eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea), Badihardugu elkarteko elkarrizketatzaileak (Itziar Sapsootham eta Idoia Etxeberria) eta elkarrizketatuetako batzuk ageri dira.

Urretxu-Zumarragako udalek Badihardugu elkartearengana jo zuten "Bertakotzen" proiektua sortzeko. Izan ere, aurretik ere hainbat elkarrizketa egin genituen, herriko euskara jasotzeko. Hala, iaz 17 herritar elkarrizketatu genituen (batzuek kanpotik etorriak, besteak bertan jaiotako seme-alabak), eta ondoren grabazio guztiak landu ditugu eta ikusgai ipini. Hementxe ikus daitezke elkarrizketa guztiak.

Bertakotzea ez da beti erraza izaten. Urretxu-Zumarragan biztanle kopurua laukoiztu egin zen 50eko hamarkadatik 70eko hamarkadara bitarte. Erdara nagusitu zen. Hala ere, izan ziren kanpotik etorrita beraien seme-alabentzat euskara aukeratu zutenak, bide errazena ez izan arren. Herritar horien testigantzak jaso eta balioan jartzea izan da Bertakotzen proiektuaren ardatza. Etorkin horienak eta baita azken hamarkadetan etorri diren beste batzuenak ere, noski. Euskara integraziorako tresna ederra dela erakusten duten herritarrenak, azken batean.