« Itzuli albistegira

Sortzailea emakumea denean gertatzen denaz hausnartzeko saioa Donostiako Emakumeen Etxean, asteartean

2023-03-02  ¦  ahotsak

Donostiako Emakumeen Etxean "Emakumeak kulturgintzan" izeneko saioa antolatu dugu Badihardugu euskara elkartetik: bideo-emanaldia eta solasaldia. Martxoaren 7an izango da, 18:30ean, eta hiru bideo ikusteko aukera egongo da, hiru alorrekin lotuta: musikagintza, bertsolaritza eta literatura.

Zer gertatzen da sortzailea emakumea denean? Emakume izateak zer puntutaraino baldintzatzen du bere jarduna? Horixe izango da datorren asteartean Donostiako Emakumeen Etxean egingo den saioaren gaia. Bertsolaritzan, musikagintzan eta literaturan dabiltzan hainbat emakumeren testigantzekin osatutako hiru bideo ikusteko aukera izango da. Alor bakoitzak bere berezitasunak dauzka eta. Ondoren, bertaratutako guztien artean solasaldia egingo da, iritziak, ekarpenak eta hausnarketak partekatzeko; pentsaraztea delako Badihardugu elkartetik martxoaren 8aren atarian antolatu dugun saioaren helburua.

Badihardugu elkarteko kideok antolatzen dugun bigarren saioa da. Aurrekoan, urtarrilaren 24an, Donostiako mugimendu feministaren hastapenak izan ziren hizpidea, 70eko hamarkadako giroa, eta oso giro polita sortu zen (ikusi albistea). Hirugarren saio bat antolatzeko asmoa ere badugu, apirilaren 24an; orduko gaia: trans izatea eta genero-rolak. Idoia Etxeberriak gidatuko ditu guztiak.

Bideoetan Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak datoz. Ahotsak.eus Badihardugu elkartearen proiektu nagusia da. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea du helburu. Asko eta asko dira elkarrizketatzen ditugun emakumeak, eta jasotako testigantzekin hainbat ikus-entzunezko prestatu ditugu. Horietako batzuek ikastetxeetan genero-ikuspegia lantzeko; bideo guztiak Ahotsak Ikasgelan daude erabilgarri, baita asteartean Donostian erakutsiko ditugunak ere.

Irudian, bideoetan agertzen diren emakumeetako batzuk.