Appa hi! eta Egunean Behin
2024-10-14 ¦ Badihardugu
Aste honetan elkarlanean arituko gara Badihardugu Euskara Elkartea eta CodeSyntax enpresa, hau da, Appa hi! eta Egunean Behin aplikazioak. Aste honetako babeslea izango da Appa hi! eta hitanoaren inguruko galdera-sorta berria argitaratuko da Egunean Behin aplikazioan.
Euskarazko bi aplikazio arrakastatsu arituko gara elkarlanean aste honetan. Egunean Behin joko ezagunak bere 16. denboraldia abiatu zuen duela pare bat aste eta aste honetako babeslea Appa hi! izango da.
CodeSyntax enpresak sortutako jokoa da Egunean Behin, eta Appa hi! ere CodeSyntaxekin elkarlanean garatu genuen duela 3 urte, 2021eko udazkenean.
Aste honetan berriro elkartu ditugu indarrak Badiharduguk eta CodeSyntaxek. Jokoaren 16. denboraldi honetan CodeSyntaxek sortutako zenbait produktu izango dira aste batzuetako babesle, eta oraingo honetan Appa hi! aplikazioaren txanda izango da. Bi liburu-sorta banatuko ditugu, bata aste honetako irabazlearentzat eta bestea zozketa bidez partaide guztien artean. Durangoko azokara eramaten dugun liburuen katalogotik aukeratu ahalko dituzte saridunek (baita Durangoko Azokan bertan jaso ere, Badiharduguk jartzen duen mahaiean).
Gainera, Appa hi! aplikazioan oinarritutako galdera-sorta bat ere sortu dugu eta aste honetan aktibatuko dituzte Egunean Behin aplikazioan. Appa hi! tresnarako sortu ditugun milaka galdera eta ariketen artean ehunka batzuk aukeratu ditugu, Egunean Behinerako egokienak izan daitezkeenak, eta horiekin sortu dugu galdera-mota berri hori. Ea gustuko duzuen!
Appa hi!, hika praktikatzeko eta ikasteko aplikazioa
Duela 3 urte aurkeztu genuen Appa hi! aplikazioa, hika praktikatzeko eta ikasteko asmoarekin sortutako appa. Oņatiko udalaren laguntzari esker kaleratu genuen lehenengo bertsioa, Oņatiko hitanoa ikastekoa, eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin hurrengoa, Euskara Batuko formak eta ariketak biltzen dituena. Harrezkero, beste dozena erdi etorri dira: Eibar, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta, azkenengoa, Azkoitiko hika jasotzen duena.
Beste herri batzuetako hitanoa praktikatzeko bertsioak ere bidean daude eta datozen hilabeteetan argitaratuko ditugu, besteak beste Zumaia, Beasain, Oiartzun, eta Ermua.