Deba arroan Badihardugu euskalkixaren alde

Juan Martin Elexpuru

BADIHARDUGU, Deba Arroko euskera bultzatzeko taldia, jaio zan joan dan zemendixan Eibarren. Mutrikutik hasi eta Gatzagaraiņoko 17 herrixetako jentia alkartu giņan sorrera-batzarrian eta ilusiņo haundiz ekin gontsan lanari. Nere Bergarako euskeran, taldiaren filosofixia eta asmuak azaltzen saiatuko naiz, jakinda Euskal Herrixan jente asko gabitzela kezka berdintsuekin, eta alkarren barri jakittia bihar-biharrezkua dala aurrian dauzkagun erronkei ahalik eta batuen erantzuteko. Izan be, eskualde euskaldunetan antzerakua da problematikia, eta konponbidiak be, mutatis mutandis, antzerakuak izan biharko dabe. Beste gauza bat dira eskualde erdeldunduak, edo Bilbo, Iruņea edo Gasteiz moduko hirixak. Holako lekutarako ez dau balioko ondoren datorrenak.

1-Nundik gatoz?

Aurretik be makiņa bat lan eginda zeguan, baiņa esan leike 1968ko Euskaltzaindiaren Baionako Batzarra ezkero irabazi dala batuaren burrukia. Hil ala bizikua giņuan eta dogu hizkuntza bateratu bat herri moduan aurrera urteteko; lehenengo eta behin alkar entenditzeko, eta gero eskola, hedabide, administraziņo, literatura, eta beste gauza guztietarako. Azkenengo hogeta hamar urte honetako frutuak begixen bistan dare: mundu guztiak onartzen daben euskera batu osasuntsu baten jabe gara. Eta, neurri on baten batuari esker, gure hizkuntziak bizimoduko arlo gehixenetan sustar sakonak botatzen dihardu. Ez da ahaztu bihar, gaiņera, bizkaittarrak izan direla batuzale zintzuenak. Gabriel Aresti, Anaitasunaren inguruko mobimentua, Kintanaren hiztegixa? motor indartsuak izan dira aldapa gora pike horretan. Zorionekuak eta zoriongarrixak garela esan geinke alde honetatik.

Baiņa txanpon guztiak izaten dittue bi alde, eta dana ez dogu ondo egin, ezta gutxiago be. Euskalkixaren kontuan oso txarto jokatu dogula esatia be ez litzake larregi. Hain itxu jokatu dogu batuaren alde, eze euskalkixa zihero abandonau dogu; urte zalapartasu haretan atzerakoi edo santujaletzat hartu giņuzen euskalkixaren aldekuak eta gero, egindakuaz konturatu garenian, ez dogu adorerik izan hankasartziak onartu eta txarto egiņak zuzentzeko.

Oso aspaldikua da bizkaieradunen konplejua. Beti eskastzat euki dogu geure berbetia giputxen aldian. Dana dala, esan zeikien, azkenaldixan hainbeste filologo eta soziolinguista izanda, gauza izango giņala gutxiuste horri buelta emoteko, baiņa bai zera. Sakondu besterik ez da egin azkenengo urtetan.

Euskaltzaindiak beti esan dau euskalkixak zaindu eta landu egin bihar direla, baiņa batua aurrera etaratzen nahikua lanekin ibilli dalako edo, egin, gauza gutxi egin dau euskalkixen alde. Kontua da ez gure erakunde nagusixak eta ez beste iņork ez dabela prestijiau, erakutsi eta landu. Eta kontua da zenbaittek, sakon-sakonian, batuaren etsaitzat hartu dabela. Berbetarako tira, ondo, baiņa idazteko eta jente aurrerako ez. "Ingelesa, frantsesa, espainiera... Idatzizko eredua bat eta bakarra da hizkuntza moderno guztietan, eta beraz...", entzun izan dotsagu adittu usteko bati baiņo gehixagori. Eta egixa da eredu bakarrarena, hiru kasu horretan, behintzat. Beste gauza bat da "eredu"tzat hartu bihar ete dittugun horrek, jakinda ez bakarrik eren dialektuak, baitta eren agintepeko beste hizkuntzak be sustarretik etaratzen ahalegindu direla mendetan. Euskara dialektua izan da espaiņarrendako eta bretoia "patois" frantsesendako. Eredu inperiozaliak errezegi onartzen dittugulakuan nago. Jakin bihar dogu, gaiņera, leku askotan erabiltzen direla dialektuak idatzixan, urriņegi joan barik, Alemaniako zenbait eskualdetan, edo Italiako Piamonten edo Veneton.

2-Zela gare gaur?

Mende askuan euskeria izan da kaleko eta etxeko hizkuntza nagusixa, gure herriko parte haundi baten behintzat, baiņa eskola, administraziņo eta enparauetako atiak itxita izan dittu. Azkenengo urtietan, ostera, aurrerakada haundixa egin dau lehen debekatutako leku horretan. Eta guk, geure inozentzian, pentsatzen giņuan euskeria salbauta zeguala arlo bixetan, publikuan eta pribatuan, sartzen zan momentuan.

Baiņa, zoritxarrez, ustiak ustel. Ikusten dogu gaurko gaztiak euskeraz eskolatzen direla, eta ez dabela arazorik euskeraz edozein ikasketa egitteko; baiņa kalian erderaz egitten dabela euskeraz beste; edo gehixago, berbeta berua eta adierazkorra nahi dabenian. Unibertsidadia irabazten eta kalia galtzen gabitzela, barren. Eta ez euskerarenganako maittasun faltaz. Ez. Baiņa laban kamutsez ezin da urdaiazpikua fin moztu.

Garbi jarri daidan, iņork gaizki ulertu ez daixen, hau ez dala gertatzen "euskalkixaren arazua"gatik bakarrik; ezta gutxiagorik be. Erderaren presiņo ikaragarrixa da horren kulpantia. Baiņa horri aurre emoten jakin bihar dogu eskura dauzkagun arma urrixekin. Eta euskalkixa ?batuarekin konbinauta, jakiņa?, ez da makalena, gure ustez.

Zer euskera ikasi dau gaztiak eskolan? Gehixenetan, txiki-txikittatik, batu hutsa. Lau urtekin hasi eta hamazortzi bete arte, milla aldiz batuko aditzak: natzaio, geniezaioke, lekioke? Ikasi eta ahaztu, higuindu arte. Ehundaka ordu horretan. Ostera, iņork ez dotse neban, heban, (z)eban, giņuan, edo notsan, gontsan, zontsan erakutsi. Honetarako minutu bakar bat be ez. Gero txokau egitten jaku "txakurra ikusi noten " ?"neban"en ordez?, edo beste edozein disparate esaten badabe.

Transmisiņuan sokia eten da. Gaztiak ez dau pentsatzen gurasuengandik edo aittajauna-amandriengandik ezer ikasi leikenik. Eskaxa eta baldarra irizten dotsa haren berbetiari. Eta azkenian edadetuak osteguna edo igela esanez datorren umiari ahozabalik begiratzen dotsa. Hizkuntza bat imitaziņoz ikasten da, baiņa gurian zubixa apurtuta dago, eta sarri askotan dakixenak ez dakixenari imitatzen dotsa. Edo eta loibia amandriari zuzentzen jarduten da.

Baiņa normala da holakuak gertatzia. Iņork ez dau esan zaharren berbetia ona eta imitagarrixa dala. Iņork ez dau erakutsi, landu, erregistro jasuetan erabilli. Konplejuak eta uste okerrak lur gozo askua dauke gurian.

Erreparau daixogun momentu baten belaunaldi barrixen berbetiari. Garbi izan bihar dogu hizkuntzia eboluziņuan dagola beti, belaunaldi bakoitzak beria dabela, gure eta gure gurasuen artian be alde ederra dagola, eta, ondorenez, normala dala beste berbeta-modu bat izatia gaurko gaztiak. Baiņa normala ete da aditz erdixak oker esatia, joskera, fonetika, lexikua? hain aldrebes erabiltzia, esaldi adierazkorretan erderara pasau bihar izatia eten barik? Ez gatz eta ez berakatz daben berbeta baten jardutia, labur esanda? Hori ez da eboluziņua, horrek sustituziņuaren atarixa dirudi, laban kamuts bat laga eta zorrotzago bat hartzeko egunaren bezperia.

Baiņa, hala eta guztiz be, gaztiak (gaztia ez danak be bai, jakiņa) maitte dau bere herriko euskeria eta erabilli nahi dau. Batua eskolarako ondo, baiņa hotza eta artifiziala begittantzen jako lagun arterako. Ahalegintzen da herrikua ahal dan onduen erabiltzen, bai berbetan, bai gutun, e-mail, txat eta abarretan, eta iņoiz baitta bere ipuin eta poesietan be. Baiņa iņork ez dotsa erakutsi, iņun ez dau ikasi, ez daki zer ortografia erabilli, aditza zihero nahastuta dauka, joskeran milla duda dittu, lexikua aukeratzeko orduan kriterixuak falta jakoz?

3-Zertarako eutsi euskalkixari.

Euskalkixa berbetarako bihar dogu gehixenbat. Eguneroko jardunian egoki, aberats eta gozatsu jarduteko. Baiņa idazteko be bai. Ezin da aho-hizkuntza eredu bat indartu eredu horretan idazten ez bada.. Gaiņera, ahozko/idatzizko banaketa zentzubakoa da gaur egunian. Izan be, zer dira, esate baterako, irrati-programa baten gidoia, edo hitzaldi baterako orrixak, edo antzerki bat? Kontuan izan bihar da, beste alde batetik, idaztiak finkatu egitten dittuela ahozko formak. Askotan berba batek aldaerak dittu herrixan bertan: esate baterako, gontsan zuzena eta zotsagun okerra entzuten dira gurian, "genion" esateko. Gontsan idatzitta ikustiak erabillera okerrak baztertzen lagundutzen dau.

Batasun barik XX. mendera aillegatziak kaltia franko ekarri dosku, baiņa euskalkixa bizirik izatiak badauzka bere alde onak be. Arnasia trankil hartu eta gozau daigun! Herri bakoitzaren matrikulia daroien berbeta koloretsuen jabe gara: berbarua entzutia nahikua azpeitiar bik Indian alkar ezagutzeko, baitta gau beltzenian be. Edo irratixan diharduan hori badakigu oņatiarra dala. Hizkuntzaren alderdi afektibua ezin da despreziau. Izan be, hizkuntzia ez da komunikatzeko bakarrik. Berbetan gozau be egin bihar da, jolas egin, etxian moduan sentidu. Eta hori, batez be, txikittatik geuregandutako berbetia barru-barrutik, berez-berez, arnasia letxe urteten jakunian gertatzen da. Eta hori gertatzen danian hizkuntzia aberri sentiduko dogu eta nekezago joko dogu erderara.

Askotan kejatzen gara ?eta arrazoiz? argotik ez dalako sortzen, edo sortu orduko hiltzen dalako. Baiņa harribitxi bat daukagu: hiketa. Gertutasuna, konplizidadia, parekotasuna? berbeta beruaren osagai asko dittu hiketak? herri-hiketak, jakina. Esan biharrik ez dago batuko hiketak ez dabela balio bizkaittarren lagunarte baterako.

Beste onura bat, lehen aittatu dogun transmisiņua. Belaunaldi arteko zubixei osasuntsu eusteko balio bihar dosku euskalkixak. Hain euskera ederra egitten daben nagusixen belaunaldixari gehixago erreparatzeko, hizkuntzan lehenengo eta, biharbada, beste gauza batzuetan gero. "Guk ez dakigu euskeraz" entzuten jakue besterik ez dakixenei. Gauza jakiņa da automespretxu eta gutxiustiak izan ohi direla hizkuntzaren galeraren eragille nagusixenak.

Edadetuak bere burua eta berbetia gehixago estimatzen ikasiko leuke, eta gaztiak, ondo bada, "bart haize zakarra ibilli da" edo "edurra bota ahala dihardu" esaten, "gauean haize asko egon da" edo "edur asko egiten dau"ren ordez.

Eta garbi izan daigun herri-euskerari eutsiz, euskerari berari eusten dotsagula, euskalkixaren aberastasunak euskera batua bera aberasten dabela, iturrixak errekia bezelaxe. Gaiņera, herrikua ondo dakixenak, alfabetatzen danian, oso errez emoten dau baturako saltua. Azken baten, zer da batua, euskalkixa ez bada, fonetismuak kenduta, eta aditza eta azaleko forma batzuk aldatuta? Edozein bizkaierako testuk nahikua dittu ikututxo batzuk batua izateko.

Euskaldunen parte on bat bi erregistrotan berba egitteko gauza da: batuan eta bere herrikuan. Idazten ostera, batuan bai, baiņa euskalkixan iņor gutxi ausartzen da. Ez dago eredurik. Begibistakua da, batua arautu dan moduan, herri-euskerak be gauza bera egin biharko dabela. Baiņa herri-euskera asko dagonez, eta arautze prozesu honetan ugarittasun honekin kontau biharra dagonez, gauzak sakon pentsau biharko dira bide okerreko pausorik ez emoteko.

4-Zer arazotsu dakar euskalkixaren aldeko erronkak?

Gure ustez, haundiegirik ez, onurekin konparauta, behintzat. Arazo "ideologikorik" ez dago: Euskaltzaindia, bere eginkizun nagusixa batua indartzia izan dan arren, beti azaldu da euskalkixen alde. Burruka honetan gabitzenon batuzaletasuna be ez dau iņork zalantzan jartzen. Batua eta euskalkixa txanpon beraren bi aurpegixak dira guretako.

Egixa da hasieran irakurliari txokante samarra egitten jakola testuak ixa berak berba egitten daben moduan ikustia; baiņa, gure herri aldizkarixetako irakurleen esperientziatik dakigunez, jentia belaxe ohitzen da "ogixa" edo "dotsagu" normalidadez eta gustoz irakurtzera.

Badira gaindittu biharreko uste okerrak eta inertziak, jakiņa. Bada honi guztiari betozko beltzez begiratzen dotsan jentia, eta gure lana da holakuei bide honen onurak ikusi eragittia. Eta normaltzat hartu behar dogu askok bere zalantzak izatia, edo bide hau hartu nahi ez izatia. Baiņa baitta egixa da zenbaittek, ustezko batuzaletasun porrokatu baten izarapian, bere nagikerixia ezkutatu nahi izaten dabela. Ezin da ukatu ahalegiņa eskatzen dabela kode barrixetara jartziak, eta batzuk, itxuria, ez dare neke barrixak hartzeko prest.

5-Euskalkixa nun erabilli?

Esan dogu ahozko jardunerako dala gehixenbat euskalkixa, baiņa gure herri eta eskualdetan aldizkari, irrati eta telebistak sortu jakuzen une honetan, aukera aparta daukagu herri-euskeria berbaz nahiz idatziz erabiltzeko. Honek ez dau esan nahi hedabide horretan dana euskalkixan egin bihar danik. Ez. Nere ustez, holako agerkarixetan % 30-60 inguru (zifra batzuk jartzearren) emon leixo herrikuari, eta gaiņetikua batuari. Esate baterako, herriko euskeria dakixen pertsona bat alkarrizketatzen danian, herrikuan egin biharko litzake. Alkarrizketa idatzizkua bada, batzuetan komeniko da entrebistatuaren euskeria apur bat ikutzia, herriko euskara normalizatura urreratzeko. Baiņa ez da bakarrik umore-gauza, alkarrizketa eta holakuetan erabiliko; baitta gauza "serixuago"etan be: barrixak, iritzi-artikuluak, kirolak, etab.

Eskoletan be erakutsi bihar da. Eskualde askotan, batutik urrin dagon berbetia dakittela hasten dira umiak eskolan. Ez dauka ez bururik eta ez hankarik ume horrekin batu hutsian jardutiak. Zenbat eta umia txikixagua, orduan eta presentzia haundixagua bihar leuke euskalkixak.

Biharrezkua da, jakiņa, irakasliak prestatzia eta haur eta gurasuen artian herri-euskaria prestijiatzia. Materiala be sortuaz joan biharko da. Euskaltegixetan be ez dauka sentidu haundirik, eskualde euskaldunetan beiņepein, batu hutsian jardutiak, gero ikasle horrek kalian beste berbeta bat topau bihar badau. Eta ez daizkun ahaztu eskolaz kanpoko ekintzak: kirola, gimnasia, musika, jolas-parkiak, mendi-urteerak, etab.

Arlo pribatua da bestia. Nola idatzi bihar dotsa gutuna amak urrin dagon alabiari edo nobixuak nobixiari? Zein idazkeratan e-postak, abixuak edo orain hain modan daren txat-jardunak?

Literatura da baztertu bihar ez dan beste esparru bat. Agur, Euzkadi, Juan Luis Zabalaren azken nobela bikaiņian, Lauaxetak beti bizkaieraz dihardu, eta egilliak bete-betian asmau dabela esan geinke. Ipuin leihaketetan-eta be ikusten da gogua. Askok nahi dau herrikuan idatzi, baiņa galdu egitten dira iņork ez dotselako erakutsi. Mike Morris Zarauzko estatubatuarrak bere harridura azaldu ohi dau euskal literatura eta zinemako pertsonajiak danak bardin berba egitten dabelako; aberats eta pobre, baserrittar eta kaletar, ilustrau eta ezjakin. Euskalkixak, berak bakarrik, ezingo dau falta hau konpondu, baiņa gure zenbait pertsonaje jardun leike baztaneraz, edo arratieraz, edo amikuzeraz, egoki iritzi ezkero. Honek eskualde horretako idazle edo adiskidiekin hartuemonean jartzia eskatzen dau laguntza eskatzeko.

6-Euskalkixan idazterakuan zein eredu hartu?

Pentsatzen dogu orain arte azaldutakuak Euskal Herri osorako balio leikela eta euskalzale gehixentxuen oniritzia izango dabela. Gauzak konkretatzeko orduan hasten dira korapilluak. BADIHARDUGUren eskutik Deba Arruan zein bide aukeratu dogun azaltzen saiatuko naiz ondoren. Beti be aurrez esanda, gure bidiak ez dabela nahi eta nahi ez balio bihar beste leku batzuetarako, egoera guztiak diferentiak dira eta.

Bizkaera batua hartzia zan aukera bat. Baiņa gure euskalkixa bizkaiera (edo mendebaldekoa, oraingo deituran) izan arren, bizkaiera batuak ez dosku askotzarik balio. Deba Arruak hartuemon gutxi izan dau bizkaiera ofizialarekin, lehen gipuzkera eta orain batua direlako gure erreferentzia jasuak.

Baiņa ez dogu Deba Arroko euskalki baturik nahi. Bestiak beste, ez daukagulako alkar entenditzeko bape problemarik. Herri (edo berbeta-eskualde) bakoitzak bere euskara mantentzia litzake helburua. Baiņa beti batzen gaittuenari indar gehixago emanez banatzen gaittuenari baiņo.

Kontuan izan daigun, ezer baiņo lehen, Deba Arroan ixa 100.000 euskaldun bizi dala. Arrasate edo Eibarrek 15.000 euskaldun baiņo gehixago dittu bakoitzak, eta Bergara, Oņati edo Elgoibar 10.000ren bueltan dabitz. Nafarroan edo Iparralde osoan baino euskaldun gehixago dago gure eskualdian. Eta euskeraren aldeko azpiegituria be bastante indartsua da: GOITB Debagoieneko telebista, bi herri irrati, astekariak herri gehientsuenetan, etab. Ekonomia eta heziketa zentruen aldetik be esan leike oso eskualde sendua dala.

Kontuak kontu, garbi daukagu geure neurriko eredua bihar dogula idatzirako. Baiņa eredu hori ezarri aurretik (edo batera, nahi bada), badira emon biharreko pauso batzuk:

  1. Korpusa jaso. Herri edo berbeta-eskualde bakoitzak bere korpusa jaso biharra dauka: aditza, deklinabidia, fonetika, sintaxia, lexikua ahal dan neurrixan, etab. Hau Deba Arruan eginda dago, neurri baten behintzat.
  2. Aukeratu. Aldaerak (aditzian, deklinabidian, etab.) asko izaten direnez, aditz eta deklinabide tabla "batu" bat aukeratu bihar da herri bakoitzian, beti be formarik biribillena eta "zentzuzkuena" indartuz. Lan hau tokixan tokiko aditu taldetxo batek egin biharrekua da. Honek, luzera, aho hizkuntzari be mesede egingo dotsa, aldaera basuaren erdixan bat, forma ofiziala, nagusituko litzakelako.
  3. Idaztarauak ezarri. Labur bada be, hara hemen BADIHARDUGUk, hillabete batzuk gaixa jorratzen emon ondoren, dittuen irizpidiak eta aukeratu daben bidia:
  • Euskara batua izango da erreferentzia nagusixa. Ortografia euskara estandarrian bezelatsu erabilliko da. Euskaltzaindiaren arau eta gomendioei jarraituko jakue, kontrako motiborik ez dagoenian, behintzat. Edozein modutan be, idatzizko herri-euskerak ahozkotik gertu egon bihar dau, eta horregatik oreka zail bat mantentzen jakin bihar dau bi erreferentzia puntuen artian. Gauza bi izan bihar dittugu garbi: bat, idaztarauak beti direla itun edo konbentziņo baten frutu, eta bi, gauza desberdiņak direla transkriziņo fonetikua eta euskalkixaren idazkera normalizatua.
  • Ahalik eta kontraziņo gutxien egittera joko da: Bergara edo daukagu idatziko da, nahiz eta Bergaa edo daukau entzuten dan. Txiste, alkarrizketa, antzerki, eta jeneralian gauza adierazkorretan, libriago idatzi ahal izango da.
  • Herrixan berba "formalik" topatzen ez dogunean, batuko lexikora joko da erreparu barik.
  • Ez gara estuegixak izango ezartzen dittugun arauekin, bestela prest dagon jentia atzeratu egin daikegu eta. Zuzendu bai, baiņa neurriz eta zabaltasunez. Gaiņera, kasuistika oso zabala da eta ezin da pretendidu lehenengo egunetik danok bardin idaztia. Ibilliz egitten da bidia.

Gure eskualdian bidiak nahikua urratuta dare. Deba arroko aldizkari gehixenetan (Eta kitto, Elgoibarren, Kontzejupetik, Berrigara...) orain arte be honei irizpidioi eta ondoren azalduko dittugun arau ortografikuei jarraittu jakue, gutxi gora behera. Mogel, Frai Bartolome, Toribio Etxebarria edo Juan San Martin antzerako irizpidiekin ibilittakuak dira beren lan askotan. Tradiziņo dezentia daukagu, zorionez.

---------------------

Ortografia arau batzuk

Ortografia arauak beti dira eztabaida iturri. Gure atzian urtetako jarduna geunkanez, ez jaku hain gaitza egin % 90ian bat etortzia; beste % 5a kostata adostu dogu, eta falta dana edo dudan daukaguna denporiak argittuko dau. Hori bai, orain hartutako erabagiren bat okerra dala ikusten badogu, ez dogu iņungo bildurrik izango atzera joteko.

Artikulu hau BADIHARDUGUren ortografia irizpidiekin idatzi dogu, eta honezkero irakurlia igarritta dago nundik nora gabitzen. Dana dala, azaldu daigun zein urtenbide emon dotsagun punturik zaillenei:

Ondoko bokalak alkartzen dienian sortzen dien aldaketak leku bakoitzian esaten dien moduan idatziko dittugu:

a + a = -ia, -ie: gauzia, alabia, alabie, makillia, makillie?
e + a = -ia, -ie: etxia, etxie, merkia, merkie?
o + a = -ua, -ue: astua, astue, ortua, ortue?
i + a, e o, u = -ixa: -ixe: astixa, gehixen, esaixok? Dana dala, oso kontuan izan bihar da edozenbat salbuespen daukala lege honek: Leku gehixenetan grazia eta farmazia esaten da, esate baterako.

Bustidura nagusixak be idaztiaren aldekuak gara.

In, ill, itt: diņue, manifestaziņo, gaiņa, zailla, oillo, gaillur, itto, itturri, aitta. Baiņa berba akaberan ez: zain, eragin, ezin, zail, hil, biribil, zenbait, dakit, gogait.

Dana dala, ez jako trabarik jarriko bustidura barik idatzi nahi dabenari.

Ez + aditza: batuko idazkeratik ez aldentzearren, osorik idatziko dogu: ez dakit, ez badato, ez goiaz, ez zan, ez jaku, etab. Baiņa eztakit, eztator, etzan, etxaku ahoskatu bihar dala esango dogu behin eta berriz.

Morfologian be zenbait irizpide markatu da, baiņa xehetasunetan sartzia litzake eta oraingoz bego honenbestez.

Hauxe ba Badihardugu-k hasitako bidea, kezka zahar bati erantzun nahirik. Kezka hau uste baiņo zabalduago dago Euskal Herriko eskualde askotan. Ez legoke txarto gai honekin sentibera garenok batuko bagiņa alkar ezagutzeko, arazua eztabaidatzeko eta danon artian urtenbide ahalik eta bateratuenak billatzeko.

Txostena jaitsi