Ikastetxiei begira egindako gogoeta batzuk

GURE HELBURUA

Gure helburu nagusixena euskeria bultzatzia dala kontuan hartuta, ixa betidanik baztartuta egon dan euskeria indartu nahi dogu, herri euskeria, batez be ahozkua.

TEORIZAZIŅUA

  • Euskeria berba egitteko eta idazteko erabiltzen dan esparru danetan (komunikabidietan, heziketa zentruetan, euskaltegixetan, administraziņuan, euskera elkartietan, aisialdirako taldietan...) gogoetak egittia komeniko litzake eta hobekuntzak planteatu. Hausnarketarako ekitaldixak ezinbestekuak dira lehenenguetan, geruago irtenbidiak topau biheko dira.
  • Zela ulertu dogu edo ulertu eragin doskue euskera batua? Euskera onaren jabe izan nahi zeban edozeiņek alfabetatu egin bihar zeban, batua ikasi bihar zeban, zela ez! Batua ikastia ortografixia, deklinabidia, aditzak, morfosintasia, joskera, eta hainbat esapide estandarizatu ikastia zan. Batuan alfabetatu giņan, gure euskalkixan berriz analfabetuak gara, geuriak ziren hainbat forma ziharo baztertu giņuzen: noski ikasi eta beinke baztertu, erori ikasi eta jausi atzera bota, agian erabili eta baleike edo leikiena ez... Zerrendiak ez dauka akaberarik!

    Baiņa halako batian konturatu gara batuaz berba egitterakuan bizittasun asko galtzen dabela gure hizkeriak, eta, gaiņera, batuak jasotzen dittuala gure eskualdeko zenbait berba, esamolde eta abarrak. Hortaz, gure euskalkixak be balio dau eta hori be zuzentzeko eta aberasteko ahalegiņak egindda bakoitzaren batuak be asko irabakiko dabela konturatu gara.

  • Hizkuntzaren funtziņuak ondo bereiztia komeniko litzake, funtziņua giltzarri da eztabaida honetan. Berbeta modu bakoitzaren esparruak ondo zehaztu biharra daukagu, esparru bakoitzian dagokixon berbetia erabilli daigun, hau da euskera egokixa. Adibide batzuk jartzearren, hemen gure eskualdixan untsa egin esatia lekuz kanpo legoke, edo baitago, edo tori, noski... horrek ez dira hemenguak. Zehaztia komeni da, hortaz, noiz erabili batua eta zelako batua, noiz euskalkixa eta zelakua.

DEBA BAILLARAKO HEZIKETA ZENTRUETAN AURKEZTEKO ZENBAIT GOGOETA

Eskola: euskalkixa eta batua uztartzeko, zuzentzeko eta aberasteko garaia. Zein bide asmatuko ginuke bertakuari bere balixua emon eta etenik sortu barik euskalkixa eta batua aberastuz eta osatuz juateko?

Eskoliak berebiziko garrantzia izan dau beti hizkuntzaren transmisiņuan, euskera batua eratu zanetik eskolia izan da haren transmisiņuaren kataiaren maillarik inportantiena. Baiņa gure Eskualde honetan batutik urrin dagoen berbetia dakittela etortzen dira umiak eskolara. Hemen topatzen dogu lehenengo etena. Umia eskolaratzian billatu izan daben hizkuntza berandako arrotza izan da, baiņa prestijiatua, ikasi biharrekua. Eta etxekua, berriz, eskaxa, ahaztu biharrekua. Hara hor bigarren etena: etxekuengandik ezin zeikien ezer ikasi, haren ereduak ez zeben balixo.

Trasmisiņuan izan diran eten honek neurri haundi batian gauzatu dabe euskaldun senaren galeria.

Konponbidietarako oinarrixak: bertakua baloratu, bultzatu, erabilli, zuzendu, euskalkixan alfabetatu, batuaren eta euskalkixaren eremuak finkatu...

Zela egin leike?

  • lehen ikasturtietan umiari euskalkixan berba eginda (irakaslien prestakuntza zainduaz)
  • lehen ikasturteetan umiarekin euskalkixa landuaz: ahoz eta idatziz (batua ekintza puntual batzuetan lantziarekin nehikua litzake; aurrerago poliki-poliki sortuko lirake batua gehixago lantzeko eremuak: bideuak, testu liburuak, baillaratik kanporako harremanak...)
  • gurasuekiko hartu-emonetan be (hartzaillien hizkuntz ezagutza kontuan hartuta, jakiņa) euskalkixa erabillitta, batzarretan, ahozko komunikaziņuetan, idatzixetan...

Ahozkotik idatzizkora. Noiz eta zela? Zela hasi batua erakusten?

Gai hau izango da korapillatsuena irakaslien artian, batuan erakusten da irakurketa-idazketa, ez da bereizten zein dan mezu-emaillia eta zein hartzaillia, idatzixan beti batuaren alde egin izan dau eskoliak, prozesua hasten dan momentutik txarrixa, txerri bihurtzen da, umiei goxokixak ez jakuez gustatzen, gustatu egiten zaizkie... Ume euskaldun batentzat ezezagunak beharbada ez, baiņa bai arraruak eta bere jatorrizko ahozko berbetan erabilli ezinezko modu baten idazten dittue euren lehenengo mezutxuak. Egokixa al da jokabide hori? Zela konpondu leike hau? Zela bideratu prozesua?

Neskatilla-mutikuak ezaguna dan berbeta batetik ezezaguna dan baturako ibilbidia nola egin leikie?

Zentzuzkuena ahozkotik hurbillen dagon idazkeratik abixatzia izango litzake, umien mezuak erak esaten dittuen moduan onartuta, kontuz ibilixaz zuzenketekin. Irakasliak bere mezu idatzixak be hasieran bertako euskalki normalizatuan azaltzia litzake bidezkuena, umiak errezen horrela identifikatuko dittu eta.

Batua, berriz, kanpotik datozkigun ekintzekin lotu leike: bideuak, zinia... Eta idatziz testu liburuekin hasten diranian, hasiera zikluan edo. Hola, umiak hiru irakurketa-idazketa modu ezagutuko dittu: beria, euskalki normalizatua eta liburuko batua. Zalamalia izan leikiela? Ez dauka zergaittik izan, hartzaille bezala testuetatik jasoko littuzkien mezuak batuan izango dira beti, eta bere ikaskidiengatik eta irakasliengatik jasoko litttuzkienak berriz euskalkixan. Berak bialdutako mezuak, berriz, euskalki normalizatuan izango lirake gehixen bat, eta iņoiz kanpokuekin harremanetan jartzeko batua erabiltzeko saiuak be egin leizke.

Euskalkittik baturako pausua errez emongo dabe ikasliak, akaberan, lehen esan dogun bezala ez dago milla alde. Ondoren, DBHn edo batuaren idatzizko presentzia gehittu egin biheko litzake, baiņa herriko berbetiari be bere lekutxua gordeta; sasoi hau egokixa izen leike, esate baterako, hika lantzeko.

Prestaketa. Irakasliak prestauta dare euskalkixan erabilleria bultzatzeko? euskera egokixa erakusteko?

Sensibilizaziņua badago gai honen inguruan, konturatzen gara zerbait egin bihar dogula, baiņa ez dakigu zer. Urtietan jardun dogu euskeria erakusten, hainbat akats zuzentzen: zergatik ez dut nahi ez!, ez dudalako nahi! esaten da, eta orain ikasle demontriak eske ez dot nahi esaten. Zer da, ba, gaizki egitten doguna?

Prestaketa esaten danian, zenbait arlo landu leizkiela uste dogu: irakasliak euskalkixan berba egitteko gaittasuna, euskalki normalizatuan idazteko irizpidiak, zuzenketak egitteko ideiak, batua euskalkixakin uztartzeko eta aberasteko bidiak...

Eta, jakiņa, irakasliei euren lana errazteko, material didaktikua eskaini bihar jakue. Baillarako zenbait ikastetxek, euskaltegik eta udal batzuk be landu izan dabe orain arte, eta horiek batzia eta erabilgarri jartzia komeniko litzake.

Txostena jaitsi