"Oņatiko hika poltsikaran" liburuxka argitaratu berri dugu
2020-11-03 ¦ argitalpenak
Ingo Xonau! proiektuaren barruan, Oņatiko hika ikasteko oinarrizko informazioa eta aditz-taulak batzen dituen liburuxka plazaratu dugu, poltsikoan eramateko modukoa.
Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oņatiko noka biziberritzea da, eta, horretarako, Oñatiko hika poltsikaran liburuxka prestatu eta plazaratu berri dugu. Bertan, Oņatiko hitanoari buruzko oinarrizko informazioa eta aditz-taulak datoz. Hemendik aurrera, ez dago aitzakiarik hika ez jarduteko!
Liburuxka txikia da, hamar zentimetro luzeran zein zabaleran, baina mimo handiz egindakoa. Badihardugu euskara elkarteko Idoia Etxeberriak prestatu du, Roberto Altuna euskaltegiko irakaslearen laguntzarekin, eta Mirari Sagarzazu marrazkilariak egin ditu diseinua eta ilustrazioak. 32 orri ditu guztira. Batetik, hitanoari buruzko argibideak eta informazio orokorra datoz eta, bestetik, aditz-taulak: adizki nagusiak eta aditz trinkoak.
Liburuxkaren 2.000 ale atera ditugu, eta Oņatiko udal euskaltegian daude eskuragarri. Hikalagunen artean, hika ikastaroetan eta ikastetxeetan ere banatuko ditugu. Hikalaguna martxan dago, nahiz eta COVID19ak egoera dezente zaildu, eta azaroaren 10ean emakumeendako hika ikastaroa hasiko da, Oņatiko Jabetze Eskolan (oraindik izena emateko aukera dago!). Liburuxkaren bertsio digitala Oņatiko Udaleko webgunean eta Badihardugu elkartearen webgunean ere eskuratu ahal izango da.
Liburuxkaz gainera, Kontzejupetik herri aldizkariaren azaroko alearekin batera Oñatiko hikaren txuletia banatu dugu, Oņatiko etxe guztietara: 5.000 aletik gora. Bertan hitanoko aditz trinkoak eta adizki nagusiak batu ditugu, gehien erabiltzen direnak. Liburuxkaren bertsio laburra izango litzateke, nolabait esateko. Hori ere neurri txikikoa da (A6), poltsan edo poltsikoan erraz eramateko modukoa.
Oņatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz, Oņatiko Udalaren babesari esker: Ingo xonau! Badihardugu euskara elkarteko kideok hartu genuen proiektuaren gidaritza, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Iaz 54 herritar elkarrizketatu genituen (gehienak emakumeak), eta ondoren grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak.eus webgunean ikus daitezke.