Ahotsak Ikasgelan

Ahotsak.eus egitasmoaren helburua ahozko ondarea bildu eta erabiltzaileen esku jartzea da. Hasieratik pentsatu izan dugu jasotako materiala ikastetxeetan oso erabilgarria izan daitekeela, bai hizkeraren ikuspegitik eta baita gure historia ezagutzeko ere. Belaunaldien arteko transmisioa egiteko beste modu bat da, azken batean: lehen etxe barruan, sutondoan, egiten zena orain ikasgelan egitea, teknologia berriak lagun hartuta.

Irakasleen eta hezitzaileen aldetik ere interesa nabarmena zen, aspalditik. Horregatik hasi ginen hezkuntzako proiektuarekin, 2010. urtean. Eta horrela sortu zen Ikasgelan webgunea, sortzen ari ginen materiala partekatzeko.


Lanketa eta proba ugari egin ditugu azken urteotan, eta webgunea ere urtez urte hazten joan da. Bideo-fitxak dira gure materialaren oinarria: bideoa eta bideoari lotutako proposamen zein azalpenak. Materiala atalean ditugu jasota guztiak. Bi motatako bideo-fitxak ditugu:

  • Fitxa didaktikoak: Gaikako bideoak. Edukia lantzeko bideo-fitxak dira, gai askori buruzkoak.
  • Kanta eta jolasak: Adinekoei jasotako kanta eta jolasak, ikastetxeetako haurrekin landuak.

Bideo-fitxa guztiak mailaka, gaika eta ikasgaika daude sailkatuta, irakasle bakoitzak interesatzen zaiona erraz aurki dezan.

Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA 2.0. proiekturako ikasmateriala sortzen ere bagabiltza 2015. urteaz geroztik. DBHrako 35 bideo-fitxa gertatu ditugu orain arte, beren proposamen pedagogikoekin eta gida didaktikoekin. Herritartasunerako Hezkuntza ikasgairako hamabi fitxa-proposamen prestatu genituen 2015-2016 epean. Ondoren, Euskara eta Literaturari heldu genion eta hainbat proposamen pedagogiko prestatu ditugu ikasgai horretarako. Argitalpenak atalean aurki ditzakezue sortu ditugun gida didaktikoak.