Euskalkien Liburutegia
Proiektu honen hasierako helburua Deba Ibarrean euskalkian idatzitako lanen eta euskalkiari buruzko lanen datu-basea osatzea zen: idazlea, urtea, gaia, eta abar. Hainbat dira gure ibarreko herrietan burututako lanak. Izan ere, Deba eskualdeko ia herri guztietan aztertu da bertako euskara edo berbeta.
Bailarako liburuen eta lanen bilduma osatuta, Euskal Herri osoan euskalkiaren inguruan egin diren ikerketa, lan eta liburuen datu-basea osatzeari ekin genion. Argitalpen berriak batetik, baina baita garai batean kaleratutako lanak ere. Dialektologiaren inguruko lanen datu-base bat osatu dugu eta etengabe eguneratuta mantentzen dugu, gainera. Liburuez gain, artikuluak, dvd-ak edo toponimia maka ere katalogatuta dauzkagu datu-base erraldoi honetan. Hemen kontsultatu daiteke:
Herrietako hizkera eta euskalkiak
Badihardugu Euskara Elkarteak Deba Ibarreko euskalkiaren inguruan dihardu lanean, eta bere helburuetako bat euskalkiak euskara estandarraren alboan leku bat izan dezala ziurtatzea da. Arrazoi horrengatik, garrantzitsua iruditzen zaigu euskalkien inguruan burututako lanen bilduma osatzea.
Dialektologia lanen datu-base bat osatzea izan da, beraz, gure asmoa; batez ere euskalkien ingurukoa. Eta horrekin batera, ahal den neurrian, lan horiek jendeari helaraztea, ahalik eta modu errazenean. Horretarako, lanen erreferentziarekin batera pdf-etarako loturak ere gehitzen ditugu, ahal den neurrian. Hasiera batean bailarako liburuekin egituratu genuen gure liburutegi dialektologikoa (Ermua eta Eitzako euskara, Aramaioko euskara, Debako euskara...), baina gure helburua era guztietako lan dialektologikoak biltzen dituen liburutegia osatzea zenez, Euskal Herri mailakoak ere bildu ditugu (Hondarribiko eta Irungo euskara, Azkoittiko euskerie, Derioztarren euskara, Legutiano aldeko euskara, Sakanako hiztegi dialektologikoa...). Era horretan, jendeari dialektologiaren inguruko informazioa bilatzeko bidea erraztuko diogu eta, beharbada, gai horren inguruko interesa piztu edo areagotu.