Liburutegi birtuala
Proiektuaren hasiera
Proiektu honen hasierako helburua Deba Ibarrean euskalkian idatzitako lanen eta euskalkiari buruzko lanen datu-basea osatzea zen: idazlea, urtea, gaia, eta abar. Ia herri guztietan aztertu da bertako euskara edo berbeta eta, hortaz, ugari dira gure ibarreko herrietan burututako lanak.
Adibiderako Eibarko euskara edo Bergarako euskara aztertzen dituzten hainbat lan eta ikerketa, edo Antzuolako, Arrasateko eta Ermuko euskara aztertzen dituzten liburuak. Orain dela gutxi kaleratu zen Debako euskara aztertzen duena, eta 2006an kaleratuko dira Mallabiko euskara aztertzen duen lana eta Elgoibarkoa ere. Beste hainbat ere bidean dira honezkero, esaterako, Mutrikuko eta Oņatiko berbetak jasotzen dituztenak. Gainontzeko herri gehienetan ere (Aretxabaleta, Eskoriatza, Soraluze, Elgeta...), martxan daude tokian tokiko hizkerak jasotzeko bekak edo ikerketa-proiektuak.
Herrietako hizkera eta euskalkien liburutegia
Bailarako liburuen eta lanen bilduma osatuta, Euskal Herri osoan euskalkiaren inguruan idatzi diren ikerketa, lan eta liburuen datu-basea prestatzen hasi ginen. Ikusi duzuen moduan, dagoeneko erabilgarri bihurtu dugu datu-basea, eta gai honen inguruko edozein bilaketa egiteko prest duzue.
Honekin guztiarekin dialektologia lanen datu-base bat osatzea izan da gure asmoa, batez ere euskalkien ingurukoa. Esan bezala, hasiera batean bailarako liburuekin egituratu genuen gure liburutegi dialektologikoa (Ermua eta Eitzako euskara, Aramaioko euskara, Debako euskara...), baina Euskal Herri mailako asko ere bertan aurkituko dituzue(Hondarribiko eta Irungo euskara, Azkoittiko euskerie, Derioztarren euskara, Legutiano aldeko euskara, Sakanako hiztegi dialektologikoa...). Era honetan, jendeari dialektologiaren inguruko informazioa bilatzeko bidea erraztuko diogu eta, beharbada, gai honen inguruko interesa piztu edo areagotu.
Liburutegi erreala
Gure liburutegi birtualean zenbaitetan liburu, artikulu eta abarrak jaisteko aukera egongo den arren, beti ez da aukera hori egongo. Hau ikusirik, eta jendeari bidea erraztu nahian, euskalkien inguruko lanak biltzen hasi ginen eta dagoeneko poliki-poliki liburutegia osatzen ari gara. Lan horiek kontsultatu nahi dituenak Badihardugura etorri besterik ez du.