Berbeta Berua (2003)
Izenburua: Berbeta Berua
Egilea: Alberto Telleria
ISBN: 84-607-6843-0
Argitaratzailea: Badihardugu Euskara Elkartea
Urtea: 2003
Hurrengo lerroetan liburuaren sarrera duzue. Liburu osoa jaitsi nahiez gero, hemen duzue PDF formatuan (PDF, 9.3 Mb).
Sarrera
Aspaldiko kontua da inguruko herrietakoek esakera honekin eibartarrei adarra jotzen zietela, erdi euskara erdi gaztelera egiten omen zutelako: “Eibartarrena, hau da hau tienpua trigua maduratzeko”. Ez dut uste nik Eibarren garia eraiten zen sasoian horrela hitz egingo zenik; hala ere, adarra jotzeko edozein aitzakia da ona. Baina, gaur egun nor ausartu adarra jotzen eibartarrei, takian potian entzuten diren horrelako esaldiak entzuten direnean: “*Jode Mikel, egindako kañua el no va más izan da” ; “Holako entradillak egin ezkero, ez dozu asko ligauko”;” Superguaia da hau, tio”; “Zu zara plastia. Venga, no me comas la oreja!”; “Ba zubi zatixa jausi eta kolumnia mobidu egin zan, eta gu hemen gaoz, zelan esango neuke…, aislados del mundo esaten dana"*.
Gaitzerdi, esango luke norbaitek duela hiru edo lau hamarkada ez bezala, gutxienez orain euskara edozein kale bazterretan entzuten da. Eta hori da gazteenek erabiltzen duten seinale. Bada, ordea, zerbait ondo ez dabilena: gauza gara molekula bat zer den euskaraz adierazteko; kantitatean ere irabazi egin dugu, euskara hiritartu den neurrian esparru berriak lortu ditugu, eta, gainera, gero eta gazte euskaldun gehiago dago. Hala ere, ez gara gauza gure lagunarekin zirriak egiten ari garenean euskaraz gauza goxoak esateko; kotxean gidatzen joan eta haserretuz gero, haserre hori euskaraz adierazteko edo lagunekin hitz egiten gabiltzanean zenbait gauza euskaraz erabiltzeko, *gilipollas, montar un pollo, tío bueno, maciza, estar al loro*…, esate baterako.
Jakin dakigu, euskara gaurkotua eta modernizatua daukagula. Euskara batuak hartutako trenak, momentuz behintzat, ez du joan etorriko txartelik, geltokiz geltoki aurrera egitekoa baizik. Edozein modutan ere, euskara moderno horrek sarritan ez digu balio lagun artean edo kalean erabiltzeko. Eta hori da faltan sumatzen duguna; hain zuzen ere, hizkera bat falta zaigu elkarri adarra joteko; taberna baten garagardo batzuk hartzen gaudeanean baliagarria izango zaiguna; haserretutakoan edo pozik gaudenean adierazkorra dena…
Euskararen adierazkortasuna, gure kasuan behintzat, gaztelaniatik dator, ez garelako gauza hizkuntzak behar duen gatza eta berakatza euskaraz sortzeko. Askok eta askok gaitasun horri sena deitzen diote, eta badirudi ihartu samarra daukagula, batez ere, herri haundi eta industrializatuetan edo-eta euskararen transmisioak eten bat izan duen tokietan. Ez da, ez, euskararen arazoa, euskara erabiltzen dugunona baizik. Askotan erremintak eta euskararen oinarri sendoa falta zaigu horrelako hizkerak sortzeko.
BADIHARDUGU alkarteak aurreraxeago esandakoarekin jabetu eta gaiak daukan garratzia ikusita, taldetxo bat antolatu zuen aipatutakoaren inguruan hausnarketa egin eta materiala sortzeko asmotan. Eskuartean daukazun Berbeta Berua izeneko liburuxka da lehenengo emaitza, eta ez pentsa hori kezkaori — kale hizkera, lagun arteko hizkera, gazte hizkera edo dena delakoa— Deba Ibarrekoa denik bakarrik, Euskal Herriko leku askotan sortzen dabiltzalako horrelako liburuxkak edo materialak: Manxut, Frexkue, Zegamako Despektiboak, Irainka, Berbeteari Gatza eta Piperra, etab.
Tradiziotik, gehienbat ahozko tradiziotik, abiatu ginen liburua egiterakoan, Deba Ibarrean eta osterantzean argiaratutako liburuak ere hustu genituen — Antzuolako Hizkera, Bergara aldeko Lexikua, Zirikidak, Lexikoia, Eibarko Euskeraren Esakerak, Hiztegi Erotikoa, Euskal Lokuzioak…— Hala ere, oso garbi genuen ez dakit nongo aitona-amonari behin edo behin entzundako hitzak edo esakerek ez dutela tokirik liburuxka honetan.
Tradiziotik ekiteak arriskua dakar gure inguruan tradizioa baserri girokoa delako, eta gaurko gizartea hiritarra; orduan, arriskua da gaur egungo errealitaterako baserri girotik sortutako berbeta beroa erabiltzea. Tradizioa berbeta bero berri horren abiapuntu behar luke izan, kontuan izanda gazteek zailtasunak dituztela berbeta bero berri bat sortzeko. Hori ere etorriko da, eta asmatutakoa egoera berrietara egokituko da. Ordura arte, tradiziotik balio duena erabili eta ez duena hor geratuko da jasota, gustukua duenaren jakinmina asetzeko.
Saiatu gara Berbeta Berua liburuxkan emakumeendako eta gizonezkoendako diren sarrerak bereizten —(e), (g)—; adibideak euskalki ez-jasoan ematen, eta gainera tokan eta nokan. Ez da, ez, oraingo errealitatea, toka eta noka galtzeko bidean daudelako gure kaleetan, baina kale hizkerak izan duen ezaugarrietako nabarmenena tratamendu hori izanda, eta hor ere tradizioari jarraitu diogu. Erromantiko hutsak garela dioenik izango da, hala ere, ez genuen gure burua lasai izango horrelako ahaleginik egin gabe.
Ez dugu formula magikorik hau konpontzeko, baina bidea ekinez egiten da eta liburuxka hau biderako bizigarri txiki bat besterik ez da.
Aprobetxatu baliagarria zaizuna.