Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas (2017)
Izenburua: Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas
Egilea: Idoia Etxeberria
Marrazkilaria: Eider Eibar
ISBN: 978-84-606-6711-7
Argitaratzailea: Badihardugu Euskara Elkartea
Urtea: 2017
Jira Bueltan: betiko 50 kanta eta jolas liburuxka-DVDa Badihardugu Euskara Elkarteak prestatu zuen 2017an. Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzetan oinarritutako bilduma bat da: adinekoek kantatutako abestiak eta azaldutako jolasak gaur egungo umeen esku jarri ditugu. Ahozko ondarearen transmisioa egitea da lan honen helburua. Gure aurreko belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritzea, berriz gure artean izan daitezen, jira-jira bueltan!
Jira Bueltan bilduman 0-12 urte bitarteko umeekin egiteko moduko kanta-jolasak daude, era askotakoak: sokasaltokoak, esku-jolasak, biribilean jarrita egitekoak, harrapaketa jolasak, ume txikiekin egiteko kantak... Material hau umeekin jolastu nahi duen edonorentzat da aproposa: guraso, hezitzaile, irakasle...
Liburuxka-DVDko bideoak eta azalpenak Ahotsak Ikasgelan webgunean aurki daitezke: http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak
Eta, nahi izanez gero, pdf-a jaisteko aukera ere badago hemen.
Eskualdeko lau udalen laguntza
Eskualdeko lau udalen babesarekin egindako lana da: Aretxabaleta, Eibar, Elgoibar eta Eskoriatza. Eta lau udalerri horietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok parte hartu zuten proiektuan. Izan ere, lanketa luze baten ondorioa izan da liburuxka-DVD hau. 2011. urtean hasi ginen Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak ikastetxeetara eramaten. Lan ildoetako bat kanta eta jolasak lantzea izan da, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan. Urtero hainbat lanketa egin izan ditugu aipatutako herriotako ikastetxeetan: adinekoen testigantzak helarazi izan dizkiegu irakasleei, kantak kantatzen edo jolasei buruzko azalpenak ematen, eta irakasleek umeekin erabili izan dituzte. Ondoren, gu umeak grabatzera joan izan gara, eta bideoak prestatu ditugu, adinekoen eta umeen grabazioak batuta.
Jada bilduma polita genuela ikusi genuenean, liburuxka-DVDa prestatu eta kaleratzea erabaki genuen. 50 jolas, kanta-jolas eta kanta jasotzen dira liburuxkan: letrak eta azalpenak, ikastetxeetako fotogramekin eta Eider Eibar marrazkilariak egindako marrazki ederrekin. Ikastetxeetarako prestatutako bideoak, berriz, liburuxkarekin batera doan DVDan bilduta daude.