HIKAGIN-Hitanoaren inguruko inkesta (2023-2024)
HIKAGIN egitasmoaren helburu nagusia hitanoa biziberritzea da, bereziki noka, euskararen normalizaziorako. Proiektu honen baitan, hitanoaren egoera orokorraren berri izateko, inkesta bat egin dugu.
Inkestak bi atal ditu: lehenengo zatian herrian herriko hitanoari buruzko galderak datoz (herriko egoera zer nolakoa den) eta bigarrenean hitano hiztunaren esperientzia pertsonalari buruzkoak (ezagutza-maila, nola ikasi duen, zenbat erabiltzen duen...). Inkesta erantzun duten guztiek ez dituzte bi atalak bete: guztiak ez ziren hitanodunak.
Google Forms plataformak ematen duen aukera baliatu dugu inkesta prestatzeko. Inkesta anonimoa eta irekia izan da. Hilabete batez inkesta zabalik egon eta gero, 4.215 erantzun jaso ditugu eta utzi dizkiguten iruzkinak kontuan hartuta, interesa piztu du. Gure helburu nagusienetako bat, hitanoa bizirik dagoen herrietako informazioa biltzea izan da, bizirik ez dagoen tokietan zailagoa delako berreskuratzea. Hala ere, beste toki batzuetatik ere erantzunak jaso ditugu eta baita bertako euskalkia egoera txarrean edo galduta dagoen herri eta hirietatik ere.
Inkestaren EMAITZAK jakin nahi dituenarentzat, hementxe lehen txostena (2023), ondorio orokorrak jasotzen dituena eta hemen bigarrena (2024), udalerri euskaldunetako datuak biltzen dituena.
Azkoitiko Udalaren eskariz, Azkoititik jasotako erantzunen (305) hustuketa eta azterketa ere egin dugu 2024an: ikusi txostena.